Sasi-Neron

Neron enperadorearen eskultura.

Neron erromatar enperadoreak bere buruaz beste egin ondoren, 68ko ekainean, Faon bere libertoaren villatik gertu, zenbait sasi-Neron agertu ziren 69ko udazkenaren eta Domiziano enperadorearen erregealdiaren artean[1]. Aditu gehienek, Neronen bizpahiru iruzurgile egon zirela diote. Agustin Hiponakoak, Neron Nero Redivivusen elezaharra bezala ezagutzen zen bere garaira itzuliko zenaren sinesmen herrikoiaz idatzi zuen[2]. Dokumentatutako hiru sasi-neronez gain, Suetoniok Neron zenaren izenean igorritako ediktu inperial batzuk aipatu zituen, bere jarraitzaileak adoretu zituztenak eta berehala itzuliko zirela agindu zutenak bere etsaiez mendekatzeko.

Neronen biziraupenaren sinesmena, neurri batean, bere heriotzaren lekuaren kokapen zalantzagarriari egotz dakioke, Suetonioren arabera, Galbaren Izelo libertoak enperadorearen gorpua ikusi eta honen berri bere jaunari eman zion arren. Neroni ere ukatu egin zitzaion enperadore herrikoiei eta familia inperialeko kideei ematen zitzaien ehorzketa liluragarria, eta horrek nahigabe eta susmo txarrez utzi zitzakeen maite zuten plebeioak. Gainera, ez zen Augustoren Mausoleoan lurperatua izan Julio-Klaudiar leinuaren gainontzeko enperadoreekin batera, baizik eta Pintzioko hilobi batean, Enobarbo familiaren hilerrian. Neron hil ondorengo ospeak, plebeioen artean, bere hilobian loreak uztera inspiratu zituen.

Neron pertsonifikatu zutenentzako beste inspirazio iturri bat, bere erresuma Ekialdean berreskuratuko zela iragartzen zuten profezien zirkulazioa izan zen. Bertsio batek Jerusalemen berpiztuko zela adierazten zuen. Profezia hauek, Neronen karta astralarekin erlazionatuak izan dira, interpretatzen denaren arabera, bere ondarearen galera eta Ekialdean berreskuratu izana adierazten zuelarik[3]. Baliteke Tazitok profezia horiek izatea buruan, hil ondoren Neroni buruz zeuden zurrumurruei buruz idatzi zuenean, bizirik iraun zuenaren sinesmenari lagunduko zioten testuak. Uste denez, Neronen itzulerak, Apokalipsiaren egilea inspiratu ahal izan zuen, Piztia izeneko arerio eskatologikoari buruz idatzi zuenean, hil ondoren zauritua izan zena, eta, ondoren, mirakuluz osatu zena[4]. Piztiaren zenbakia, 666[5] eta 616 artean aldatzen dena eskuizkribuaren arabera, batzuek, Neronen izenaren letren zenbakizko balio bezala identifikatu dute[6]. Neron, funtzio honekin, Isaiasen Igokundean eta orakulu sibilinoen liburu batzuetan ere esplizituki agertzen da. Profezia hauen eta beste batzuen ondorioz, denbora luzez, Neron Antikristoa zela pentsatu zen. Sasi-Neronen arrakasta laburraren eta Neron literatura eskatologikoan sartu izanaren ondorioz, bere itzulera hurbilaren sinesmenak mendeak iraun zituen.

  1. Champlin, Edward. (2003). Nero. Cambridge, Mass. : Belknap Press of Harvard University Press ISBN 978-0-674-01192-2. (Noiz kontsultatua: 2021-06-07).
  2. Gallivan, P. A.. (1973). «The False Neros: A Re-Examination» Historia: 364-365..
  3. Molnar, Michael R. "Greek Astrology as a Source of the Messianic Portent." Ancient World 29 (1998): 139-150.
  4. (Ingelesez) «Nero’s Afterlife Part II: Nero Redivivus» The Classical Association in Northern Ireland 2020-04-19 (Noiz kontsultatua: 2021-06-07).
  5. Ap 13:18
  6. Sanders, Henry A.. (1918). «The Number of the Beast in Revelation» Journal of Biblical Literature 37 (1/2): 95–99.  doi:10.2307/3259148. ISSN 0021-9231. (Noiz kontsultatua: 2021-06-07).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search